sábado, 15 de diciembre de 2012

En el Tíbet


El viaje que nunca hice… ¿o sí?

 

Como no puedo estar en viaje perpetuo, recurro a los libros de viajes para seguir por ahí. Como decía en Memorias de Adriano el emperador, no siempre estoy en Tibur cuando estoy ahí, pues eso, que a mí me pasa igual, no siempre estoy en casa cuando estoy aquí. Recientemente gracias a Vikram Seth he viajado al Tíbet, en camión, con Sui y Gyanseng, he desesperado con los tenderos chinos para conseguir comprar un chándal o cigarrillos y en la frontera de Tíbet con Nepal me ha salido un aduanero en mitad del camino… ¡de detrás de un árbol!

Como el que quiera leer el libro de Vikram Seth en castellano no va a tener problema en encontrarlo en cualquier librería o biblioteca, me he entretenido traduciendo un capítulo al euskara, idioma al que no creo que esté traducido. Aquí lo tenéis:

VIKRAM SETH, Desde el lago del Cielo. Viajes por Sinkiang, Tíbet y Nepal. 1983


 

Lhasa: Sera monastegiaren ondoko zeremonia
 


Potala jauregia. Lhasa
Goizeko bost eta erdietan jaiki naiz. Oraindik oso ilun dago eta, udan gaudenez, horrek harritu egin nau, harik eta, hain mendebaldera izanik, Pekingo ordua jarraitzen dugula ohartu naizen arte. Bi ordu falta dira egunsentirako.  Dauzkadan berogarri guztiak jantzi, linterna hartu eta kalera irten naiz. Txakurrak ere lotan daude. Zirimiria dago. Begiak iluntasunera ohituz doaz pixkanaka. Nire ezkerretara Potalako harresi makur eskerga dago.

Aurrera egin ahala, hotza barruraino sartuz doakit eta baita eurizirina ere, hala nola zain dudan ibilaldiaren ziurtasuna, eta agian batez ere ikusi behar dudanaren beldurra. Ordu erdiren buruan atzera joan ez joan  egon naiz, baina pentsatu gabeko borondate erreflexuak galarazi dit Lhasara bueltatzea. Sera monastegirako errepidea hutsik dago; ordu honetan ez da ez kamioirik ez pertsonarik bertatik pasatzen.
 



Sera monastegia
Arian-arian eguna argituz doa, eta egunsentia zerua urdintzen hasi denean ailegatu naiz tokira. Nire lagun tibetarrak larregi ez hurreratzeko gomendatu dit, inor ez ofenditzeko. Ibaiaren alde honetan geratu naiz, beraz. Beste aldean bide batek arrokara darama eta, haitzaren gainetik, mendi horma zerurantz altxatzen da zut. Soilik beranduxeago konturatu naiz goialdean dauden ertz horztun tipiak zain dauden arranoak direla.

 



Sera monastegia
Mendiaren magal osoa ke fin batez ilunduta dago; beraz, hasieran arroka baino ez dut ikusi: itzelezko harlausa oker bat. Kea lekuz aldatu eta biratzen hasi den neurrian, kamioi bat, atoi bat, egurrezko gurdi batzuk eta hainbat irudiren mugimendua antzeman ditut. Zenbait sutzar irazeki dakusat eta zoruan, kamioen ondoan, denda bat dirudien egitura bat, azpian hainbat lagun kokoriko dituena. Dagoeneko hasita dagoen lanean egindako atsedenaldi batean iritsi bide naiz. Zortziak laurden gutxi dira nire erlojuaren arabera, seiak laurden gutxi egiatan. Gizonak ibaira hurbiltzen dira plastikozko ontzietan ura jaso nahian eta gero euren suetara itzultzen dira kuzinatu eta gosaltzeko asmoz. Argitu ahala haitzean gorpu batzuk daudela ikusi dut; biluzik daude eta burutik eutsita, gorputzaren behealdea ebaki edo txikitu diete hanketatik hasita.

Zortziak eta hamar. Gizonek beren lanari ekin diote berriz. Zuriz jantziriko durbantedun batek ematen du nagusia. Izugarrizko erritmoan lan egiten dute, haragia ebakitzen, zatitzen eta txikitzen. Gizon gazte batek bereziki berealdiko kemen eta premiaz mozten ditu haragia, giharrak eta hezurrak. Bere trebetasunak ia zer mozten ari den ahaztea ahalbidetzen du. Goian, ortzmugaren kontra, arranoak bildu egin dira. Batzuetan hildakoen senideak eta lagunak bertaratzen dira erritoak ikustera, baina gaur ni naiz ikusle bakarra.
Sera monastegia


Zortziak eta hogei. Gizonek gorpuaren goialdeari ekin diote orain eta lanean dihardute su eta ke. Hainbat lagun hurbildu dira ni nagoen ibaiertzetik begiratzera. “Tibeteko eskualde bat adoptatu” deritzon planari esker Lhasan dauden Shanghaiko han etniako txinatarrak dira. Hurreratu zaizkit, txiste batzuk egin dituzte ikusten ari garen zeremoniaz eta gero, -barrez, hizketan, erretzen- ibia igaro  eta harkaitzera hurbildu dira, lanak hurretik ikustearren.

Gizon durbantedunak begirada suminkorra bota die. Gehiago hurbildu dira eta, patxada iraingarriz, arrokara hurreratu dira. Haietako bat barrez hasi da. Orduan, gizon durbantedunak, haitzetik jaitsi eta, tibeteraz oihuka, hezur txiki bat bota die oinetara. Izutu egin dira baina ez dute atzera egin. Gizonak orduan hartu du arrokatik giza hanka bat eta ibairaino jazarri ditu, hanka astinduz eta amorruz deiadar eginez. Beldurrak airean, arineketan ibaia ibitik igaro nahian haietako bat behaztopatu eta erori egin da. Orain zutik daude lipar bat lehenago zeuden toki berean, blai eginda eta dardarti.


Sera monastegia
Bederatziak hamar gutxi. Lana aurrera doa. Zuriz jantzitako gizonak besoak zerurantz zabalduta garrasi luzea egin du. Arranoak harkaitzetik amildu dira eta zirkulu beltz handietan bueltaka hasi dira, gero eta baxuago hegaz eginez, harik eta arrokatik hurbil dagoen muino batean pausatu diren arte. Arranoetako batek burua ukitu dit; ustel usain lazgarria dago. Hegazti eskergak, zintzo-zintzo, muinoan pausatuz doaz, eta zuriz jantzitako gizonak haragi zati batzuk ematen dizkie ahobizarra kentzen joan daitezen.
 


Bederatziak bost gutxi. Traktore batek zeharkatu du erreka eta urrutira dagoen herri baterantz jo du. Behin haragia ehota garagarrarekin nahasten da arranoei eman aurretik. Badira arrano kuttun batzuk, antza.


 

Bederatziak. Ejerzitoaren kamioi bat Shanghaiko han etniakoak dauden lekura hurbildu da, soldaduak jaitsi eta beraiekin hizketan hasi dira. Ni nagoen lekutik teleskopio tripodedun bat ematen duen zerbait dakarte eurekin eta arrokarantz zuzendu dute. Harkaitzaren gainean dagoen gizonak harri bati eusten dio buru gainean bi eskuekin. Behin eta berriro jausarazten du oihal batez estalitako garezurren gainean. Arranoek haitzera begira daude artega. Bat edo batek formazioa hautsi du, baina uxatu egin dute. Hegaztiek moko gakoak aurreratzen dituzte. Batzuek hegoak zabaltzen dituzte, kokoriko jarritako gizon bat bezain altuak dira.

 


Sera monastegiko monjeak
Bederatziak eta hogei. Monako batek erreka ibitik igaro du arrokarantz. Zutik, granate eta azafrai koloreko  jantzietan bilduta, janaria bedeinkatu du. Zuriz jantzitako gizonak muinoan pausaturiko arranoei dei egin die arrokarantz hurbil daitezen, berehala egin dutena. Gizonetako batek samparekin nahasitako giza haragi xehatua duen poltsa batetik ere eman die jaten. Une horretan haitza txori irenskorrez estalita dago.



Bederatzi eta erdiak. Arranoak elikatu egiten dira. Bele bat ere hurreratu zaie, ez diote jaramonik egin. Hara begira jarraitzen dut, orain jende guztiak alde egin duen arren. Ejerzitoaren kamioiak ere bai.
 


Hamar eta erdiak. Hartxabalean lan egiten ari ziren gizonak sakabanatuz doaz. Hiru emakume pasatu dira dagoeneko haragi arrastorik ez duen arrokaren azpitik. Azken hegaztia hegan hasi, mendi-mazela igo eta gailurra zeharkatu du. Zutitu egin naiz eta Serako monastegirantz abiatu naiz.




Bharkor plaza. Lhasa
Hankek huts egiten didate zoruan jarrera berean hainbeste denboraz eserita egon ostean. Bertatik herrenka urruntzen naizen bitartean, errekaren gainean zubi gisa kokatutako ohol txiki baten gainean dauden ume batzuek agur egin didate oihuka. Serara joan nahi dut, baina, esperientzia honen ostean, monastegi bat bisitatu baino Lhasara itzuli nahiago dudala konturatu naiz. Ez naiz autostop egiten saiatzen.


 




Potala jauregia
Pentsakor itzuli naiz, lantzean behin geldialdiak eginez. Urrutian Potala zoragarri dago argipean, jauregiaren atzealdea dut nire aurrean, aurrealdea bezain landua ez dena. Urre koloreko sapaiek dirdira egiten dute, eta zerua gero eta oztinagoa da. Errepidearen alde batean, gizon pare bat nor bere gurditik jaitsi eta jatekoa prestatzen ari dira hauspo batez bizituriko su batean.


 



Errausketa zeremonia. Khatmandu.
Kristauek eta musulmanek lurperatu egiten dituzte beren hilak; egia esan harrei ematen dizkiete jaten. Parsiek putreei ematen dizkiete jaten beren hilak Isiltasunaren Dorreetan. Hemen, Tibeten, zura eskasa den eta zorua urtaldi luzeetan gogor dirauen herri honetan, gorpuak zatitu egiten dira, janariarekin nahasita arranoei jaten emateko. Geroago Norburi galdetu diot ea erritoa oraindik arrunta den, eta esan dit gero eta ohikoagoa dela errito honen ordez errausketa erabiltzea. Alabaina, duela urtebete bere osabaren hileta elizkizunera joan zen eta gaur goizean ikusi dudana bezalakoa izan zen. Zorabiatu egin zen burezurra txikitzearena heldu zenean. Neuri ere gauza bera gertatu zitzaidan, nahiz eta egia esan hinduek ere errauste zeremonian garezurra apurtzen duten.

 

 









No hay comentarios:

Publicar un comentario